XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jaioberriaren identifikaziorako eskubideari buruzkoa, Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Legebiltzar Taldeak egina. (Tramitera onartzea)(05/11.02.01.0216)

Mahaiak, 1997ko azaroaren 25ean egindako bilkuran, erabaki du tramitera onartzea jaioberriaren identifikaziorako eskubideari buruzko LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin, eta agindu du Eusko Jaurlaritzari bidal dakiola eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Legebiltzar-taldeek, Araudiko 160.2 artikuluaren arabera, bidezko iritzitako zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, zazpi laneguneko epearen barruan, arrazoiak biltzen dituen idazkia Mahaiari bidaliz.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiari

Eusko Legebiltzarraren Araudiaz baliatuz, Juantxo Domínguez López Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Taldeko parlamentarioak ohore du ondorengo legez besteko proposamena aurkeztea, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin, jaioberriaren identifikaziorako eskubideari buruz.

Arrazoiak:

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak hitzez hitz dio 3. artikuluan: Gizabanako guztiek dute beren buruaren segurtasunerako eskubidea.

Gero, 6. artikuluan, esaten du: Gizaki guztiek eskubidea dute beren nortasun juridikoa ezagutu dakien.

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak, bere aldetik, 24. artikuluan honako hau jasotzen du: Haur guztiak jaio eta berehala inskribatuko dira eta izen bat eduki beharko dute.

Era berean, Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioak, bere 7.1 artikuluan, ezartzen du: Haurra jaio eta berehala inskribatuko da eta izen bat edukitzeko eskubidea izango du.

8.1 artikuluak, gainera, ondorengo betebeharra jartzen du: Estatu kideek beren hitza
ematen dute errespetatu egingo dutela haurrak
bere nortasuna gordetzeko duen eskubidea,
nazionalitatea, izena eta familiako harremanak
barne
.

Ildo berean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) gomendio hau ematen du, emakume haurdunaren eta haurtxoaren eskubideei dagokienez: Amaren ongizate psikologikoa segurtatu beharra dago.

Espainiako Konstituzioak ere, 39.4 artikuluan, aipatzen ditu alderdi horiek eta honako hau aurreikusten du:

Haurrek haien eskubideak zaintzen dituzten
nazioarteko akordioetan aurreikusitako babesa
izango dute
.

Azalpen horren ondoren, eta bizitzeko eskubidea gizakiaren berezko eskubideetatik lehenengoa eta garrantzizkoena bezala hartzen baldin badugu, begi-bistakoa da identitaterako eskubideak duen ondorea.

Horregatik, uste dugu erakundeek identifikazio-eskubidea bermatu beharra daukatela jaiotzatik bertatik, jaioberriek beren eskubide zibilak galdu ez ditzaten.

Oraingo lege eta filiazio-sistemekin, sexuak markatzen du jaioberrien arteko desberdintasun bakarra.

Gaur den egunerarte, eta ezin esplikatuzko moduan, haurtxoak identifikazio daktiloskopikotik kanpo utzi izan dituzte, nahiz eta ezin dugun neurri hori justifikatuko duen arrazoirik aurkitu.

Identifikazio zibila Espainiako Estatuan Nortasun Agiri Nazionalean (NANen) finkatzen da, eta hura edukitzea betebeharra ez ezik, egoitza Estatu horren lurraldean duten pertsona guztien utzi ezinezko eskubidea ere bada.

Hura eskuratzea nahitaezkoa da 14 urterekin, derrigorrezko baldintza dela jaiotza-agiri bat, horretarako berariazko eta berezia eta dagokion Erregistro Zibilak emandakoa, aurkeztea.

Haurtxoak aldatzea, hutsegitez zein nahitara eginik, ez da sarritan gertatzen ez Espainiako Estatuan ez gure Elkartean.

Hala ere, benetakoa da amek horrelako gauzaren bat gerta daitekeela-eta izaten duten larritasuna.

Espezialista batzuei galde eginik, esaten dute gurasoek eta berezi-bereziki amek, maiz sentitzen dutela halako kezka obsesiozko bat, ustez eta, urrutiko hipotesia izanik ere, haien haurtxoak halako identifikazio-arazoren bat jasan lezakeela.

Euskadin, beste elkarte batzuetan bezalatsu, ama-haurrentzako osasun-zentroetan oinzoletako markak hartzeko aspaldiko ohitura zaharra dute, jakinik ere horiek bizitzako laugarren urteaz geroz aldatzen direla, eskuko markek bizitza guztian irauten duten bitartean.

Horri eskumuturrekoen oraingo sistemak duen fidagarritasun urria gaineratuz gero, inor ere ez litzateke harrituko une jakin batzuetan zenbait kasu gertatuta ere, hala nola nahasteak, hutsegiteak, lanbideko axolagabekeriak eta beste. (Adibidea: Mendaroko herrian, Gipuzkoan, lehengo abuztuan gertatua. Ospitalean egun batean lau haurtxo batera suertatu ziren, eta beharrezkoa izan zen 30 orduan baino gehiagoan zain egotea ama bik in situ frogatu ahal izan zezaten, hain zuzen, jagoten, jaten ematen eta laztantzen ari ziren jaioberria ez zutela beren ondorengoa, beste ama baten alaba baizik).

Izatez ere, Zuzenbide Zibileko zenbait katedradunek esana dute oraingo inskribatze- modua -eskumuturrekoen sistema, alegia- ahula dela eta makina bat hutsegite eta iruzur egiteko bide ematen duela.

Oinzolako markari gagozkiola, espezialista-talde batzuek baieztatu egiten dute orban hutsak direla, inolako sinesgarritasunik gabekoak gerora identifikatzeko.

Euskal gizarte guztiak aitortzen duena da, eta puntu honetan ez daiteke dudarik izan, hala medikuek nola erizainek beren lanean erakusten duten profesionaltasun handia.

Alabaina, uste dugu premia-premiazkoa dela jaioberriari lege- babesa ematea, edozein zalantza galarazteko, gizaki guztiek izan ohi dituzten hutsegite edo nahasteen aurrean.

Izan ere, indarrean dagoen Kode Penalak, II. kapituluan, zenbait apartatu jasotzen ditu maternitateetan haurtxo baten ordez beste bat ematea tipifikatzen dutenak, zenbait zigorrekin.

Horregatik, lanbide aldetik ikusita, lehentasunezkoa da identifikazio-modu bat legezkotzea, benetako bermabideak eta egun Osakidetzan eskaintzen direnak baino eraginkorragoak eskainiko dituena.

Onartzen baldin baditugu adimen- urritasuneko frogak, metabolopatiak eta endokrinopatiak, txertoen egutegia eta abar, ama- haurra binomioaren babesa segurtatuko duen eskubide ukaezin hori behar dugu onartu.